ZENOTZ:

"Zenotz, txerri puzten motz"

Hedadura: 1'76 km2.

BIZTANLERIA: 32 biztanle.
(2002) 13 gizonezko, 19 emakumezko.

1800 urtean: 84 biztanle, 8 etxetan.
1910an: 76 biztanle, 12 etxetan.
1996an: 35 biztanle.


IZENA: "-otz" amaitzen diren herrietan erran dugun bezala, Mikel Belaskoren ariora ez da "hotz" (frío) hitzatik etortzen: jabegoa adierazten du: "Zen" edo deitzen zen norbait jabea zuen lekua.
Arturo Campionek, berriz, "sitio frío de la heredad" bezala interpretatu zuen. Bertze teoria bitxi batzuk dira: "lugar de senderos" edo "lugar de toros"
Nolanahi dela, Historian barnako dokumentuetan apenas aldatu den: Cenotz (1268), Cenoz (1366), Çenoz (1644).


Ultzamako herririk txikienenetako bat bada ere herri honetako etxeak ikusgarriak dira: Karakotxea, Migelenea... Batzuk errepidetik ikusten dira, baina Ultzamako frankok ere ez dute herriko barnealde polita ezagutzen, bere frontoi berezia eta guzti. Merezi du sartzea.

Etxerik aipagarriena Zenozko Palacio edo Jauregia izan daiteke, Nafarroako katalogo monumental izenekoaren baitan baitago. Elizako dorrea txikia da, ezhoikoa inguru honetan. Erretabloa erromanista du, XVII mende hasierakoa; eta Ama Birgina barrokoa, berrixeagoa, baina oso polita.

Garai batean noble baten jaurerria izan zen, Gil de Vidaurre jaunak Belateko monasterioari saldu zion arte, 1294 urtean.

Herriko pertsonaien artean, aipatu Tomas Orquin Urdangarin "Orquin" pilotaria, erremontaria, 1916an sortu zena.

Hain herri txikia izanik bistan da haur gutxi dagoela. Ziurrenik, garai batean eta urteberri egunean, hemengo umeak ere txiribiri edo urtexen eskean ibiliko ziren, aspaldiko kanta zahar hori kantatuz. Kopla zahar horiek, herriz herri momentu batean edo beste aldatzen dira.

Gaur egun, hemengo dantzetaz ia inor ez da gogoratzen, baina folklorean oso aberatsa izan da bailara hau. "Aita txiripitona", "irridantzak", "aulki dantza", "almute dantza", "ingurutxua" eta bestelakoak dantzatzen ziren. Aste santuan ere Nafarroako bertze herrixketan bezalaxe, hemen pinpilitaka dantzatzen zen .

Egun, herri txikienetako bestak, Zenotz kasu, desagertzen hasiak dira. Zenozkoak urriaren 27an ziren.

San Juan gaua oraindik mantentzen da, suen inguruan oraindik jendea saltoka aritzen da. Gau honetaz hitz egiteko ezinbertzekoa zaigu Anozibarko (Odieta) "Aingeru iturri"az mintzatzea. Inguruko bailara eta herrixketatik jende andana hurbiltzen baitzen iturri honetara larruazala garbitzera, sarnaren kontra. Diru gutxi izanez gero ba omen zen boton bat botatzen zuena.

Zenotz herriaren inguruan badira arras ibilaldi politak. Errazena Eltso aldera doana, ia Ultzama ikusgai duzula. Gero Gerendiainera jaitsi eta errepidetik buelta, eguzkia izanez gero arras bide alaia. Errepidea ez bazaizu gustatzen, baduzu bide bat, soroetan barna doana, Gerendiaingo elizatik aitzina.

Nahi baduzu, Arañotz mendira igotzeko bide laburrena, baina maldatsua, Zenotzen hasten da.