SUARBE:

"Suerbe, heltzean katu berde"

Hedadura: 3'18 km2.

BIZTANLERIA: 43 biztanle.
(2002) 25 gizonezko, 18 emakumezko.

1800 urtean: 50 biztanle, 7 etxetan.
1910an: 49 biztanle, 11 etxetan.
1970an: 51 biztanle.
1996an: 42


IZENA: ez da ezagutzen zehazki zer erran nahi duen. Batzuk "Juan Arbe" izeneko norbaitekin lotu dute. Bertze batek dio "bajo la campana" erran nahi duela.
Historian barnako dokumentuetan Suarve gisa agertzen da (1268), Suarue (1366), Suarbe (1532), Zuarbe (1644), Juarbe (1860).

Garia landatu zuen Ultzamako azken herria omen da. Basaburua errekaren eskuinaldean dago, errepidetik aparte xamar. Horregatik, eta etxe bakanak plaza zabal baten inguruan egoteagatik, lasaitasun giroa da nagusi. Altadillek idatzi zuen, XX. mende hasieran, "en posición lindísima" dagoela. Orduan azienda aunitz zegoela, eta menditik arbola aunitz ateratzen zela. Tamalez, Ultzamako herri guztietan bezala, abeltzaintzak beheiti egin du nabarmen.

Azkeneko "kokoak": Suarbe azkeneko herria baita Ilarregikin batera, Ultzama utzi eta Basaburuan sartu baino lehen. Koko hitza Baztandarrek Ultzamarrei deitzen zieten. Ultzamarrek Anuarrei, Anuarrek Iruinsemeei... Kontuak kontu, inork ez daki non hasi eta akitzen den kokoen herria.

Aipatzekoak dira herri honetako bi etxe; Etxebertzea eta Sandronea, azken hau 1725.ean egina.

Biztanleria datuetan ikusten denez, azken bi mendeetan gorabehera gutxi izan da, Ultzamako herrien artean egonkorrena. Baina Historiak dio 1391 urtean despopulaturik gelditu zela, eta erregeak eman zien Eltzaburu eta Aoiza (Auza) herriko seme batzuei (Juan Miguel, Juan Pascual eta Garcia Miguel) 70 sueldoen truke. Baina Beuntza, Ilarregi eta Aoiza herriek protestatu zuten, erranez haiek bazutela fazeria bat Suarbeko herriarekin batera. Suarbe-Beuntza fazeria horrek hor dirau oraindik, Atezko bailararekin muga egiten.

Suarberen inguruan ibiltzeko badago bide polit bat Auzaraino doana, "Auzaldeko bidea", gero Bagadiko muga pasata "Suarbeko bidea" bihurtzen dena. Bertze aldera ere, Ilarregi aldeko Zabildegirantz ere arras ikuspegi politak daude.

Herriko xaharren bati galdetuz gero, erranen dizu, halaber, "Artatxuko trikuharria" non dagoen.