URRITZOLA-GALAIN:

"Urritzola, zapeta zola".

Hedadura: 3'59 km2.

BIZTANLERIA: 51 biztanle.
(2002) 30 gizonezko, 21 emakumezko.

1800 urtean: 130 biztanle, 17 etxetan.
1910an: 47 biztanle, 14 etxetan.
1970an: 83 biztanle.
1986an: 63.
1996an: 52.

IZENA: Mikel Belaskok dioenez, erran nahia argi xamarra da: "urritz-ola", (cabaña o ferrería del avellano). Horregatik, ez dago aparteko interpretazio xelebrerik.
Historian barnako dokumentuetan ere apenas aldatu den: Urriçola (1268, 1532), Urriçolla (1366), Vrriçola (1591)


Iruñetik zatozela, Odietan bailara barrenean barna, Ostitz gibelean utzirik eta gero gide-gurutze bat eskuinaldera hartuta, Ultzamako lehenbixiko herria dugu Urritzola-Galain. Arañotz mendiko malda batean, Ultzamako herri altuena, bailararen ikuspegi zabala eskaintzen duena.

Biztanleriari dagokionez, ez dakigu Altadillek ematen duen datua, 1910an 47 biztanle bakarrik zituela, akatsa ez ote den. Agian 147 izan behar zuen, ez dakigu. Baina Ultzamako bertze herrietan XX. mendean, 1970 artio eman zen beherakada handiena, behintzat. Tamalez, Urritzola-Galainen kasuan beherakada hori ez da gelditu azken urteotan.

Etxe interesgarriak, armarri barrokoak eta apaingarri erdi arokoak. Ultzamako elizarik zaharrena dugu, XIII. mendeko hasierakoa, nahiz eta 1984an berritu zen, auzolanean. Kanpoaldetik arras berezia, bertze herritakoen aldean. Batez ere kanpandorrea, estilo arkaikoa duena. Erretaula kalitate handikoa da, barrokoa, Menaut de Oscarizek egina XVI. mendean. Bataiarria, berriz, Erdi Arokoa.

Herriko festak abuztuaren 15an izaten dira.

Urritzolakoa zen Maria Gracia de Beuntza, sorgina zelakoan epaitu zutena. Antza denez, kasu honetan ez zen hainbertze bortizkeria erabili, Urritzolako herritarrek emandako defentsari esker. Informazio gehiago aurkituko duzu Historiako atalean.

Historiako bertze pertsonai bat Martin de Urriza dugu, XVII mendeko margolaria.

Urritzola herrikoa dugu Fermin Barberena Iraizotz, 1933.ean sortua. 1958.ean Iruñean apaiztu ondoren Bilbon, Madrilen, tarteka Suitza eta Alemanian apez ibilitakoa da. 1963.ean izendatu zuten Sakramentu Txit Santuaren Kongregazioko buru. Zuzenbide Kanoniko ikasketak jarraitu zituen Erroman, Madril, Donostia eta Iruñean. 1973.ean doktoratu zen Nafarroako Unibertsitatean, "summa cum laude" kalifikazioaz. Gero zuzenbide arloan, "Abokatu Rotal" tituluaz, hainbertze jardunaldi eta aldizkarietan parte hartu du.

Agian, karrika hauek ezagutu eginen ditu Pedro Miguel Etxenikek zientzilari famatuak. Bere ama herri honetakoa baita. Herri honetakoa zen, halaber, Paz Zigandaren familia ere.

Gaur egun Jesus Legarrea gaztea dugu, golf kirolean txapeldun handi bat izateko bidean dabilena.

Urritzolatik abiatuta ibilbide polita duzu Eltso aldera, Ultzamako Golf zelaiaren gainetik. Mendi aldera, berriz, hasierako malda gaindituta, paseo aski zelai bat baino ez da gelditzen Arañozko ermitaraino.