ORGIKO HARIZTIA

Ultzamako ibarrean (Nafarroan) dago, eta Lizasoko kontzejuaren herri-oihana da Orgi. Zelaietako harizti hezea da; haritz kankudunetako (Quercus robur) 80 hektarea ditu.

Mendeetan Lizasoko biztanleek ustiatu ez ezik ia-ia "landu" ere egin dute Orgiko oihana. Bizirik irauteko beharrezko osagarriak hartu dituzte Orgitik, hala nola: ehiza, egurra, zura, orbela, fruituak, sendabelarrak, txilarra erratzak egiteko, ezkurra eta bazka aziendendako ... Egun, berriz, garai bateko erabilera horiek bazter batean utzirik daude.
ORGI: LEKU BABESTUA.

Nafarroako Gobernuak Orgi Natur Jolas-gune izendatu izanak zera ekarri du berarekin: aurrerantzean Lizasoko kontzejuak bertaratuko direnekin batera izanen duen elkargune bihurtzea Orgi. Aldi berean, oihanaren erabilera publikoa arautzen da, Ingurugiro-heziketa, atsedena Naturan, eta hariztiaren kontserbazioa batera gertatzeko.

Ultzamako ibarraren jatorrizko oihan naturalaren azken lekukoetako bat da Orgi. Xarma handia du oihan txiki honek, bertzeak bertze: oihanpeak duen landare aberastasunarengatik (gorostiak, elorriak, laharrak eta sasiak,...), itxura ikusgarria duten ehun urtetik gorako zuhaitzengatik, eta era askotako faunarengatik (anfibioak, narrastiak, ugaztun handi eta txikiak, hegazti ugariak).

Hiru gunetan dago banaturik Orgi:

1.- Arigartzetako harrera-gunea. Han daude aparkalekuak, mahaiak, suak, egurtegiak, komunak, zabor-ontziak, informazioa emateko etxola,...

2.- Tomaszelaieta paseatzeko gunea:
Labirintoa: 300 metroko bidaia laburraren bidez, bertze oihan bat opatuko dugu oihan handiaren itzalean (oihanpekoa). Bide hori, bertzaldetik, itsuendako egokiturik dago.
Bidea: horren bidez hariztiaren aurpegi anitzak ikusiko ditugu, eta ehun urtetik gorako haritzekin gozatuko dugu.
Senda: bidea baino estuagoa da. Han, hariztiaren alderdirik hezeena, itxiena eta basatiena opatuko dugu, non fauna eta landare aberastasun handia baitugu.

3.- Muñagorriko kontserbazio-gunea: bisitariek galerazia dute hara sartzea, oihana era natural batez berriz sortzeko gunea izanik, basa-abereendako babesleku lasaia baita.

Nafarroako hiriburutik arras gertu dagoenez (23 kilometroetara), bisitari anitz izaten ditu. Bisitari horietako bat baino gehiago elbarria da; hortaz, lanean ari gara kentzeko hariztiko bideetan dauden oztopoak.

Orgiko egitasmoa hobeki ezagutu nahi baduzu, informazio etxetxoan jasoko dituzu beharreko argibideak eta harrera. Bertzaldetik, hariztian barnako ibilbidea gure begiraleek lagundurik egin dezake nahi duenak (hala bakarka nola taldeka). Hona gure datuak:

N.J.G ORGIKO HARIZTIA
31799 LIZASO
ULTZAMAKO IBARRA
NAFARROA


ORGIKO HARIZTIKO INFORMAZIO ETXETXOAREN ORDUTEGIA:
Astelenetik ortziralera arte: 10etatik 14ak arte eta 16etatik 20ak arte.
Asteburuetan: 10etatik 14ak arte eta 16etatik 21a arte.

BISITA GIDATUAK ORGIKO HARIZTIAN- UDAN:
Asteazkenetik larunbata arte, 17:30ean. Hariztiko informazio etxetxotik aterako dira bisita horiek.
Prezioak:
-Helduak: 1,8 euro/ 300 Pta.
- 8-15 urte bitartekoak: 0,6 euro/ 100 Pta.
- 0-7 urte bitartekoak: doan.

KUARTELENEA-LIZASO TURISMO BULEGOAREN ORDUTEGIA:
Asteartetik igandera arte: 10etatik 14ak arte.
Arratsaldeetan Orgiko hariztian eginen dugu harrera.

Harremanetarako pertsonak: Edurne Gerendiain/Gorka Gorospe.

Tfnoa: 948 30 50 00
620 955 454 (eskukoa)
Helbide elektronikoa: robledaldeorgi@terra.es