LARRAINTZAR

"Larraintzar, polaintzar"

Hedadura: 5'04 km2.

BIZTANLERIA: 136 biztanle.
(2002) 70 gizonezko eta 66 emakumezko.

1800 urtean: 194 biztanle, 20 etxetan.
1910an: 205 biztanle, 34 etxetan.
1970an: 176 biztanle.
1996an: 149.

IZENA: ez du misterio handirik: "Larrain-tzar", (eras viejas).
Historian barna gutxi aldatu da grafia, bada: Larrainçar (1316, 1644), Larraynçar (1350, 1366, 1532, 1591...)

Larraintzar 540 eta 600 metro bitartean dagoen herria dugu. Herriko gune nagusia Aldapan biltzen da, Zirrio mendiaren magalean. Parean, ugaldearen bertzaldean, Egain izeneko dermioan Laraintzarko Bentak daude. Altadillek kokatu zuen "en una paradisiaca llanura".

Larraintzar erraten ahal dugu Ultzama bailarako kapitala dela. Bailarako erdigunean egonik, bertako Bentetan aurkitzen ahal baititugu Udaletxea, Osasunetxea, frontoia, Polikiroldegia, Igerilekuak, eskolak eta zerbitzu guztiak.

Arkitekturari dagokionez, XVIII eta XIX. mendeko etxe izigarriak ditu. Bestetik, XIX. mendeko eliza badu ere, uduzko herrixkatik( desagertua) eramandako taila errenazenista eta barroko batzuk aurkitzen ahal dira. Baita batailarri erromanikoa ere.

Bailarako herri gehienetan bezala nekazaritzak sekulako garrantzia izan duenez, "partzelarioa" (concentración parcelaria) burutu zen, herri honetan 1973 urtean, Ultzamako lehenetakoa.

Hemen sortzen da Arkil erreka, Antzubil (Legarraga) eta Zazpiturrieta(Otsamendi) errekek bat egiten dutelarik. Gero kilometro batzuk haratago Gelbentzu parean Ultzama izeneko errekarekin bat egiteko. Osotara 13 kilometro ditu. Erreka hau zeharkatzeko zubi txiki batzuk daude eta agian interesgarriena Larretako zubia izan daiteke.

Historiari dagokionez, hamaika kontu ditu herri honek. Errate baterako, bailareko beste herrixketan bezalaxe 1575.ean sorginkeri auziak eman ziren bertan. Ozkoidi batxilerrak atxiloketa batzuk burutu zituelarik. Hala eta guztiz ere, jendearen babesa izan zuten detenituek eta deus gutxi lortu zuen, batxilerrak egitea.

Espoz y Mina jeneralaren gorabeherak ere azpimarratzekoak dira. 1813.ean ospital bat eraiki zen, Espoz y Mina eta aliatuen zaurituak bildu eta sendatuak ahal izateko.1822ko abenduaren 26an, izugarrizko burrunbe hotsak aditu ziren inguru hauetan. Karlista eta Konstituzionalisten arteko borroka bertan burutu baitzen. Beranduxeago eta Larremiar parajean liberal eta karlisten arteko guda izan zen, Espoz y Mina jeneral liberala atxilotua izateko zorian izan zelarik, nahiz eta azkenean gailendu.

1847 urtean bi eskola zituen, Larraintzar, Gerendiain, Gorrontz eta Lizakoko haurrendako. Bat mutilendako (50 mutil), eta bertzea neskendako (20 neska bakarrik). Iraizozkoetan bezala, Fundazio bat eratu zen, Miguel de Ariztegik 1827an sortua.

Gaurko Gotzaia Irurita Eskola, Ultzama osoko haurrak eta inguruko bailaretako batzuk ere biltzen dituena, Nafarroako lehen "Escuela Unitaria" edo "Concentración Escolar" izan zen, 50ko hamarkadan eratua.

Pertsonai historikoen artean, batzuk aipatuko ditugu:

Victoriano de Larraintzar, aita capuchinoa, zenbait itzulpen eta liburu bat edo beste, idatzi zituen "Historia de los concepcionistas de Estella" errate baterako.

Manuel de Irurita Almandoz, Obispo Irurita, 1876ko abuztuaren 19an sortu zen. maixua izanik, apaiz ikasketak egin zituen Lekarotz eta Iruñean. Beranduxeago teologia ikasketak burutu zituen Valencian. Valenciako unibertsitatean irakasle izan zen: gregoriar kantak, hebreera eta teologia irakasten zuen. 1916.ean canonigo izendatu zuten. Mantsoago, 1926.ean Leridako obispoa eta 1930.ean Bartzelonakoa.1936ko abenduaren 1ean atxilotua, eta 3 edo 4 egun beranduago, uste da, fusilatua izan zela. Pastoral aunitz idatzi zituen: "La santificación del verano"; "El mes del rosario"; "Sobre el santo temor de Dios"; "Parroquias y Hospitales"; "Nuestras inquietudes pastorales"; "La instrucciön religiosa"; "El reinado social de Jesucristo; los pecados publicos" eta abar. 1928.ean "Asociación Ceciliana Española" izenekoaren Lehendakari izendatua izan zen Gasteizen, bertan ospatu baitzen musika sakra izeneko kongresu nazionala.

Carlos Esain Pitillas euskararen alde franko lan egindakoa izan zen, mende hasieran, eta "Nociones de historia natural, para uso en las escuelas de Primera enseñanza" izeneko liburua idatzi zuen. Historiako atalean gehiago aurkituko duzu bere familia karlistari buruz.

Serapio Navarrro, Larraintzarren apaiz zegoela, sermoi asko idatzita utzi zituen, Ultzamako euskara gehixeago ezagutzeko balio dutenak.

Antonio Ziganda ilarregi, 1952.ean Japoniako prokuradore izendatu zuten.

Azken urteetakoen artean, Julian Lajos pilotari handia eskuz-eskuko txapelketan bi aldiz atera zen txapeldun, 1971 eta 1976an.

Jose Angel "Kuko" Ziganda ere aras ezaguna dugu, Osasuna eta Athleticen urtetan ibilitakoa, duela gutxi futbolari bezala erretiratua (ligako betiko goleatzaile onenen artean), orain entrenatzaile lanetan dabil.

Carlota Ziganda bere iloba, golf jokalaria bera, nabarmentzen ari da bere kategoriako nesken artean, eta Espainako txapelduna atera da.