IRAIZOTZ

"Iruzoitz, meta zoitz"

Hedadura: 6'08 km2

BIZTANLERIA: 233 biztanle
(2002) 120 gizonezko, 113 emakumezko

1800 urtean: 164 biztanle, 10 etxetan.
1910an: 229 biztanle, 49 etxetan.
1970an: 149 biztanle.
1981an: 193


IZENA: Hainbertze herriren amaieran agertzen den "-otz" hori, uste denaren kontra, ez omen dator "hotz" (frío) hitzetik. Mikel Belaskok dioenez, jabegoa adierazten du, kasu honetan, "lugar propiedad de una persona llamada Iraitz" edo.
Baina badira bertze teoria batzuk ere, batzuk arras bitxiak, jeneralean "iratxe" (helecho) eta "iraitzi" (extraer) hitzei lotuak: "sitio para cribar granos", "lugar donde se arranca, donde se extrae", "helechal húmedo frío", "lugar de ramas y helechales", "tras el helechal"...
Izenaren ahoskera zaila egiten zaie kanpoko erdaldunei. Bertako erdaldun aunitzek ere ultzamerazko kutsua ematen diote: "Ireizoz". Baina bertako euskaldun zaharrek "Iruzoitz" ebakitzen dute.
Dokumentuetan, ordea, ez dago hainbertze aldaketarik: Yrayçotz (1268), Yrayçoz (1350, 1644), Yraiçoz (1366, 1532, 1591), Iráizoz (1860)...


XX. mende hasieran, Julio Altadillek idatzi zuen: "bellísimo paraje, panorama seductor en todos sentidos, enriquecido con los atractivos de un cristalino y saltador torrente, que desciende del alto de Velate..." Ez dakigu gehiegixko goraipamenak ziren, baina oraindik ere herri eta inguru ederra da, karrika bi aldiz berritu bada, eta partzelarioak jan bazuen ere hilerri aldeko soro txikien sasizko hesien sarea.

Gaur egun Amati aldean bi urbanizazio zabal ikusten ahal dira, Ultzama ugaldearen bi aldeetara, batez ere udako txalet gisa erabiliak. 60ko hamarkadan eraiki ziren. Garai hartan eraiki zen Elordiko industrialdea, eta bota zen Elordiko zubia, zubi borobil bitxia. Ugaldea ere ez da jaisten Altadillen garaian bezain garbia. Garaikoa da Nafarroako lehen koperatiba ere, abeltzaintzaren etorkizuna omen zena, eta berriki itxi dena. Denboren bueltak.

Iraizotz herriak aski kokapen berezia du, luze-luze, baina ez errepidearen ondoan, trabeska baizik, maldan goiti Arañotz mendirantz. Betitik herritarrek bi auzo berezitu dituzte: goitikoa eta beheitikoa, elkarren segidan dauden arren, elizaren parean dagoela muga imajinarioa. Edo iraizoztarren pentsamoldean ere. Beheitiko auzoan baitaude plaza, ostatua ere den herriko etxea, frontoia, errepidea... Baina auzo bakoitzean badago iturri eta ikuztegi bat.

Plazako iturria benetan berezia da, sobera zaharra ez izan arren (mende hasierakoa). Ez du batere antzik bertze herrietako iturriekin, halako handinahia edo adierazten du. Baina egia da plaza zabal horrek, etxalde ederrez inguratuak ituri airoso bat eskatzen zuela.

1847 urtean oraindik Udaletxe propioa zuen, batzutan Ultzamako Udalarekin biltzen bazen ere. Bi eskola ere bazituen, non Alkotz, Arraitz eta Iraizozko haurrek lehen letrak ikusten zituzten. Nahiz eta alde nabarmena egon mutil eta nesken kopuruetan: 50 mutiko eta 30 neskatiko. Eskola kudeatzeko Fundazio bat egin zen, Ziganda herriko Miguel Tomas de Aristeguik 1823an sortua.

Eskolako etxean sortu zen Agustin Zarranz Bermejo, 1897ko hilbeltzan, berak idatzi zuen bezala, "orduan euskaldun hutsa zen herrian. Aita herriko maisua nuen, baina bost urte nituela hil zitzaidan, eta gero eskola gutxi ikasi nuen". Haur hura hamaika urterekin atera zen apez ikastera, eta Iraizozko Polikarpo Aita izenarekin eginen zen ezagun. Historiako atalean datu gehiago aurkituko dituzu bere bizitza eta lanari buruz. Bakarrik aipatu Kaputxinoen idazkari nagusia izan zela Erroman, Euskaltzaindiko kidea ere izan zela, germanierazko hainbertze idazlanen itzultzailea, eta euskarazko soneto bilduma estimatuenaren egilea. Eta halere iraizoztar gehienok bere lehen berri 1997an izan genuen, Euskaltzaindiak omenaldi bat egin ziola. Geroztik bere omenezko plaka bat ikusten ahal da bere jaiotetxean.

Herriko bertze etxeak banaka banaka ikustea merezi du, ale ederrak baitaude. Bat edo bertze aipatzekotan, plazan dagoen Apezena, elizaren parean dagoen Juanzorena, goitixeago dagoen Probintzena, ondoko Dorrea, arabiar antzeko leihoak dituena... Aipatu 1878an urteko agiri batean agertzen dela orduan 19 etxe nagusi eta 33 maizter zirela herrian. XX. mende erdira artio etxe gehienetan "maiztertogiak" zeuden. Gero biltegi hutsak izanen ziren, eta gaur egun, berriz, konpondu eta etxebizitzak bihurtzen ari dira.

Gaur Elizmendi izeneko muinoan ikusten ahal den eliza garai hartan eraiki zen, 1827an, herriko indiano baten diru laguntzari esker. Aitzinako elizak ba omen zuen XVI mende hasierako erretaula bat, Miguel de Espinalek egina, baina XIX. mendean aldatu zen. Geroko erretaulak ere aldatu ziren duela urte gutxi.

1513 urtean Iraizozko Jauregia Don Baltasar de Garro izeneko jaunarena zen, Erriberrakoa bera. Gero 1611an Salazar y Frisas komisario inkisitoriala etorri zen, eta herriko frankok aitortu zuten torturapean sorginak zirela, gero gezurtatuko bazuten ere. Garai hartan herrixka bat zegoen Malarain dermioan, gero etxalde soil bat eta gaur egun behitegi txiki bat baino ez dena. 1810 urtean, frantsesen aurkako gerran Espoz y Minaren gerrilariak egon ziren herrian, bi batalioi. Baina liskar gogor baten ondoan gibelera egin behar izan zuten, Aragoiko mugaraino.

Mende honetan istorio bitxi bat aipatuko dugu: herrira maiz etortzen zen Bilboko dirudun batek 1957an S.U.C.R.E. izeneko elkartea eratu zuen ("Sociedad Ulzamesa de Cultura y Recreo"). Horretarako eraikin erraldoi eta arraro bat egin zen, zine eta klub bezala funtzionatu behar zuena. Baina holako herri txiki batean etorkizun gutxi zuen. Agudo hutsik gelditu zen, eta 10 urte pasa gabe eraikin makala lurrera erori zen. Errepide ondoan ikusten ahal dira bere hondakinak.

Garai batean arras ikusgarria izan omen ziren bertako "iyoteak" (inauteriak). Baina mende hasieran pasarte bitxi bat gertatu zen. Besta aberastu nahian hezur eta haragizko Miel Otxin bat atera zuten. Baina tiroak botatzeko orduan batek benetako kartutxo bat sartu eta Miel Otxin gizajoa odoletan hasi zen. Han akitu zen berrikuntza, eta 36ko gerraren ondoan iyoteak gelditu ziren.