ILARREGI:

"Ilarregi, zilar begi"

Hedadura, 6'91 km2

BIZTANLERIA: 51 biztanle
(2002) 26 gizonezko, 25 emakumezko

1800 urtean: 146 biztanle 13 etxetan.
1910an: 120 biztanle, 32 etxetan.
1970an: 91 biztanle.
1996an: 61.

IZENA: kasu honetan aski argi dago, ilarra-egi, hau da, "brezal" edo "colina de brezos".
Historian barna ere aldaketa gutxi agertzen da grafian, eta jeneralean lehen silabak "illa" edo "ila" ahoskatzetik datoz. Yllarregui (1350, 1532, 1591), Ylarregui (1366), Illarregui (1434)...


Errepidetik bi zatitan banaturik ikusten da, ezker-eskuin, bi muinoren gainean. Eta errepide ondoan Ilarregiko Benta, Suarbeko bidegurutzean. Erbiti aldean, berriz, errota, gero jatetxe bihurtu zena, aspaldixko itxi zen arren.

Bazter batean zein bestean, herri lasaia. Plaza ere horrelakoa da, benetan lasaia eta berezia. Etxe ederrek (XVIII. mendekoak, gehiexkoenak) eta elizak plaza osatzen baitute.

Bitxikeria moduan, erran XVI. mendean parrokia bakarra osatzen zutela Ilarregi eta Erbiti (Basaburua) herriek, Jeronimo de Iribarrena izeneko apezarekin; horren arrazoia, apez euskaldun bat behar zutela.

Biztanleria datuetan ikusten denez, Ilarregi herriak biztanle aunitz galdu du, gelditu gabe, hondar 200 urteetan. Ultzamako bertze herriek bezala 1970 urteraino, baina tamalez gero ere galtzen segitu du. Ez jendeak alde egin duelakoz, hain zuzen. 60ko hamarkadan Gerdabel lantegia ireki zenetik gelditu zen Ultzamaren populazio galera larria, hainbertze gaztek batez ere Iruñea aldera jo ondoan. Baina Ilarregin etxe frankotan jende adindua bakarrik gelditu zen, nonbait. Gaur egun, berriz, familia gazte gehiago dago, eta esperatzekoa da buelta emanen zaiola joera demografiko negatiboari.

Garai batean, halaber, orain baino bisitari gehiago izanen zituen herri honek. Izan ere, bertan bizi baitzen petrikilo edo kurandero famatu bat. Batzutan nahastu da XVI. mendean bizi zen Juan De Orrio "algebrista"-rekin. Baina hau Orrio herrikoa zen, izenak dioen bezala, Gainera, Ilarregikoa emakumea zen, eta geroago bizi izan zen. Tamalez, ez dugu berari buruz informazio gehiagorik aurkitu oraindik.

Ilarregiko errekak Arkidi edo Itturzar izena du, lekuaren arabera. Izan ere, Ilarregi Ultzamako azken herria da eta Basaburua bailararekin muga egiten du. Beraz, basaburutarrentzat erreka horren izena Itturzar da.

Herri honetan, gutxienez, hiru trikuarri aurkitzen ahal ditugu: Arkatxu, Paxaxa eta Itturbeltz.

Herriko bestak urriaren 5an ospatzen dira.