GORRONTZ-OLANO:

"Gorrontz, Olano, biak hermano".
"Gorrontz hartzeko, bere burua galtzeko"
(dirua kobratzeko zailtasunak izaten omen ziren, nonbait)

Hedadura: 2'54 km2

BIZTANLERIA: 31 biztanle
(2002) 15 gizonezko, 16 emakumezko

1800 urtean: 208 biztanle, 15 etxetan.
1910an: 68 biztanle, 10 etxetan.
1970an: 35 biztanle.
1996an: 30.

IZENA: Gorrontz ahotsa aski berria da, Historian barna "Gorrauntz" bezala agertzen baita gehienetan (1268). "Goraunz" ere bai (1366), Gorranz (1591). "Gorronz" 1860 urtera artio ez da agertzen. Eta inork ez daki izen horrek zer erran nahi duen zehazki. Julio Caro Barojak "gorri" adjektiboarekin lotu zuen, bertzerik gabe.
Olano, berriz, argiagoa da: ola-no, hau da, ola txikia, "cabaña edo ferrería pequeña". Baina badira filigrana bitxiak: "ferrería de la colina", "campo de avenas", "lugar de gamones"...


Lizasotik goiti hartuta aurkituko dugu, Gorrontz eta Olano auzo txikiek osatua. Ultzamako herririk txikiena, Suarberekin batera. Biztanleria datuetan ikusten denez, eta 1800ko datua egiazkoa bada, biztanle aunitz galdu zuen XIX. mendean, zergatik ez dakigula. Mende honetan ere galduz joan da, Ultzamako bertze herriek bezala, baina hondar urteotan zorionez gazteak herrian gelditzen ari dira.

Baina auzo txikiak izanagatik hurbiltzea merezi du, ahal bada oinez; ez bakarrik etxalde ederrengatik, baita inguru eta ikuspegi zoragarriengatik: soro berde zabalak (Soroaundi, Sorozar, Aintzi...), gibelaldean mendia (bertze aldean Atetz bailara), eta azpian Orgiko hariztia.

Ibilaldia polita duzu Olanotik beheiti Gelbentzuko Bentaraino, eta Orgiko haritzen artean itzuliz.

Igo zaren bidetik jaisten bazara, Lizasoko mugan, Arkil errekako zubia pasa gabe baduzu bide bat, ezkerraldera, aspaldian desagertutako Udoz herrixkaraino doaiena. Han monasterio txiki bat izandu zen mendetan, izurriteek hustu zuten arte. Udozen zegoen eliza, geroago, ermita izan zen eta bertara joaten ziren Lizaso, Gorrontz eta Olanotarrak erromerian Irailaren 8an. Ermita erori zenean, Ama birgina XIV. mendekoa eta erromanikoa, Lizasora eraman zen. Udozko herrixka honek kofradi bat zeukan, Nafarroako zaharrena zelarik.

Eta zure begiez ikusten duzuna gorde eta erakutsi nahi baduzu (eta argazki makinarik edo arterik ez) Gorrontzen Periko Zunzarren argazkilaria aurkituko duzu, hainbat lehiaketetan saritua.