ULTZAMAKO IBARRA

Ikuspuntu juridiko eta administratibotik 14 herrigunek edo kontzejuk osatzen dute Ultzamako udala. Udaletxea, berriz, Larraintzarren dago, eraikin polit batean, gutxi gora behera ibarraren erdian. Udaletxearen ondoan, bertzaldetik, osasun-etxea, ikastetxe publikoa eta kirol-instalazioak ditugu; hots, ibarraren zerbitzugunea da.

DEMOGRAFIA

Hamalau herri horiek oso txikiak dira. Txikiena Gorrontz da, eta 30 lagun inguru bizi dira han; handienak, berriz, Iraizotz eta Alkotz dira, eta 230 lagun inguru bizi dira herri bakoitzean.

Herri guzien artean 1600 lagun inguru bizi dira. Biztanleria, nolanahi ere, zaharturik dago, han bizi diren lagunen % 25 baino gehiago 65 urtetik gorakoak direlako, hots, laurden bat; 15 urtetik beherakoak, bertzalde, % 15 inguru dira. Dirudienez, joera hori alda daiteke, senar-emazte gazteak joaten ari direlako bizitzera Ultzamara, eta horrek, berez, haur gehiago izatea ekar dezake epe ertainean. Dena dela, etxebizitza oztopo izan daiteke aipaturiko joera horri buelta emateko, zaila baita, batzuetan, etxebizitza bat opatzea, lur-jabea ez izatekoan.

Antropologiaren ikuspegitik, era berean, azpimarragarria da "Etxeak" izan duen, eta oraindik ere duen, garrantzia. Ingurune fisikoa izateaz gainera, identitatearen gunea eta "Familia" edo "Clan"-aren erreferentzia gunea baita, batik bat. "Etxeari" eransten zaizkio, bertzaldetik, "familia-historia" bat eta "egoera sozial eta ekonomiko" jakin bat. Are gehiago, "giza-estereotipo berezitu" bat atxikitzen zaio etxeari ingurune honetan. Horrela, ba, pertsonak izendatzeko eta gizartean kokatzeko "Sortetxea"-ren bidez egiten zen -gaur egun galduxea bada ere ohitura hori-, eta ez norbanakoaren izen-abizenen bidez.

Ikuspegi demografikotik, era berean, azpimarratu beharra dago ezkongabe aunitz ditugula Ultzama aldean, Nafarroako Iparraldeko bertze eskualde batzuetan bezala. Hori dela eta "familia batzuk" agortzen ari dira, pitinka-pitinka. "Etxe" batzuk, aldi berean, eskuz aldatuko dira, eta, beraz, galduko dute erantsia duten "familia tradizioa". Aunitzetan, bertzaldetik, desagertuko bide diren "etxe-familia" horiek dira izen handiena izan dutenak; nolanahi ere, ez omen dira gauza izan denboraren joan-etorriari egoki aurre egiteko.

EKONOMIA

Ekonomiaren sektorei, labur-zurrean, erreparatuz gero, ondokoa azpimarra daiteke:
.-1. sektorea azienda-ustiapenari dago loturik, esnearen ekoizpenari bereziki. Hainbat eta hainbat ustiapen ditugu ibarrean, ongi mekanizaturik eta egungo berrikuntzei egokiturik. Horrelako ustiapen aunitz auzokideen arteko kooperatibak dira; beraz, lanaren eta produkzioaren antolamenduari dagokionez, aldaketa soziologiko nabarmena da, aldaketa ekonomikoa izateaz gain.
.- Bigarren sektorearen industria-sarea nahiko garaturik dago. Iraizozko industriagunea aipatu beharra dago, non esne-transformazioaren, automobil-industriaren eta manufakturaren inguruko enpresak baitaude. Era berean, baditugu bertze hainbat enpresa barreiaturik ibarrean barna: zur-industriak, eraikuntzakoak, nekazaritzako elikagaien transformaziokoak, eta abar.
.- Zerbitzuen sektorean, berriz, osteleritzaren eta aisialdiaren inguruko zerbitzuak ditugu aipagai; horien artean nabarmenenak, berriz, Ultzamako Golf Zelaia eta Orgiko Naturgunea dira.

Nolanahi ere, inguru honetako jende aunitz Iruñera eta Iruñerrira joaten dira hango zerbitzuetan eta industrian lan egitera. Kontuan izan behar dugu, Iruñerria arras gertu dagoela Ultzamatik, 25 kilometrotara banaz bertze.

Bertzaldetik, azpimarra daiteke hemengo biztanle gehienek bizi-maila altua dutela, eta kontsumorako ahalmen handia. Etxebizitzak ere modernoak dira, eta erosotasun handikoak.

Ohituren ikuspegitik, nabarmendu behar da Santa Luziako Ermitara egiten den erromeria. Erromeria hori maiatzaren azken igandean egiten da, Arañazko mendira, eta Ultzama osoko auzokideak biltzen dira han (Anue, Odieta eta Lanzko auzokide aunitzekin batera).

EUSKARA

Azkenik, euskararen gainean erran beharra dago inguru honetako jatorrizko hizkuntza dela, eta ibarreko herrien artean alde handiak daudela hizkuntza horren kontserbazioari dagokionez. Herri batuzetan, adibidez, ia lagun guztiek dakite euskaraz: Alkotzen, Auzan, Eltzaburun,... Bertze herri batzuetan, berriz, euskarak nabarmenki egin du atzera Gerra Zibilaz geroz: Larraintzarren, Lizason, Arraitzen,... Kontuan harturik, bertzalde, herri horien guzien artean oso kilometro gutxi dagoela, eta soziologikoki berdintsuak direla, horrek erran nahi du kanpoko faktore zenbaitek izan dutela eragin zuzena bilakabide horretan.

Prozesu horretan horretan eragin zuzena izanen zuten, apika, hainbat apez, maisu/maistra edota gizartean garrantzi handiko pertsonak. Horietako batzuek ez zekiten euskaraz, kanpotarrak baitziren. Bertze batzuk, berriz, euskaldunak izanagatik ere, euskararen kontra aritu ziren, arrazoi ideologikoengatik.

Zernahi gisaz, azken urte hauetan errekuperatzen ari dira euskara eta hango tradizioak, identitate eta bizi-iraupen kulturalaren elementu gisa. Erreibindikazio prozesu horrek, dena dela, sortu egin ditu hainbat tirabira gizartean.

Bertzaldetik, seguru gaude, urteak joan ahala, ibarreko biztanleak ongi egokituko zaizkiela denborak berak dakarzkien aldaketei. Gure iduriz, beren identitate linguistiko eta kulturalari eutsiko diote, batetik; eta bertzetik, berrikuntza ekonomiko eta teknologikoak txertatuko dituzte etorkizuneko elementu gisa.