![]() |
|||
| Gerendiain:
"Gerendiain, tilin tilin panpalin" Hedadura: 0'54 km2, Ultzamako txikiena BIZTANLERIA: 125 biztanleak 1800 urtean: 92 biztanle, 9 etxetan IZENA: Forma misteriotsua omen da, eta
teoria nagusia arras bitxia: "lugar propiedad de una persona llamada
Terentius", dio Koldo Mitxelenak. Hau da: Terentius + ain. Ba ote?
Julio Caro Barojak dio "Guerin" edo izeneko norbaitena zela
leku hori. Baina egia da dokumentu zaharretan izena Derendiain bezala
agertzen dela.
Hedadurari dagokionez, bertzalde, estatistiketan Gerendiain agertzen da Nafarroako dermio txikiena ere, bere mugak apenas hedatzen dira herritik 300 metrora baino gehiago. Baina ez da guztiz zehatza, mendi komunal puxka bat ere baitu Arañotz aldean, Eltsorekin batera. Gerendiain 1847 urtean bere Udaletxea zuen, nahiz eta Ultzamakoari lotuta zegoen. Haurrak bai, ordurako Larraintzarko eskolara joaten ziren. Altadillek dio, XX. mende hasieran: "badu herriko etxea, ostatua, kartzela...; badira bi iturri on, frontoia, San Lorenzoren eliza, bi erreka hurbil, ikuztegia eta iturburu aunitz bere dermioan". Gerendiaindik Iruñerako bidea hartzen ahal duzu, bai Markalain edo Ostitzen barna. Azken errepide hau da gaur egun erabiliena, baina berriena ere 1926an egin baitzen. Baina ordura arte Markalaingo bidetik joaten zen Iruñera. Eta horko bidetik, Odietako Gaskue Herrira iritsita, San Urbanoko ermitara ere joaten ahal zara. Inguru honetan, nork ez du ezagutzen San Urbanoko erromeria? Maiatzaren azken asteburuan ospatzen da eta izugarrizko besta egoten da. Larru-azala garbitzeko hoberena hemengo ura hartu eta garbitzea duzu. Ura aipatu dugunez, Ultzamako ugaldea edo Belateko erreka. Belateko bazterretan sortzen da eta akabera Arga ibaian dauka. 36 kilometroz dabil ezker eta eskuin Ultzaman barna, Arkil errekaren urak ere hartzen dituela. Behin Odieta bailaran sartua Atezko erreka, Beroa, eta baita Anue bailarako Mediano errekaren urak ere jasotzen ditu. Osotara 270km2. Ultzamako gaztanbera edo mamia, dakizunez, bikaina da, hortaz, agian, eta Gerendiainen dugu azken kaiku egileetariko bat, Angel Beuntza. Herriko beste pertsonai bat Fermin Antonio Iraizoz Goldaraz da, irrati munduan nabarmendu dena. 1936an sortua. Ikasketak Atarrabian eta bergarako Dominikoetan burutu zituen. Gero filosofia Santanderren eta teologia Salamancan. 1961.ean apaiz ordenatu zen. Iruñean hamabi urtez erlijioa, filosofia, historia, eta bertze, irakasteaz gain irrati mundua ezagutu zuen. 1965.ean Radio Popular katean lanean hasi zen, hasieran zuzendariordea eta administrari eta 1974.ez geroztik zuzendari gisa. Tekniko titulua atera zuen irrati-telebistan. COPEko Administrazio kontseiluan kontsailaria izan zen, eta Espainia Probintziako Diru-kontuen Kontseiluko kidea ere izan zen. Umeen kanpamentua ere badu herri honek, uda partean hainbertze eta hainbertze haur eta gaztetxo etortzen direlarik euren oporraldiak pasatzera. Nafarroako zaharrenetariko bat. Aspaldian, Nafarroan egon den golf zelairik bakarra hemengoa izan da, 1966an egin baitzen. Bertatik pasatu dira Ballesteros, Rivero eta bertze txapeldun batzuk, eta bertan atera ditugu bertako gazteok gure lehen sosak, "caddie", edo hobe, zamabere lanetan. Zorionez, orain hasi dira ateratzen zonaldeko txapeldunak ere. |
|||