ULTZAMAKO HISTORIA: "HAMALAU BAT"

Norbait dago Belaten, bere inguruan Saioa, Okolin, Loiketa, Urdanbidegi, Txaruta... mendiak. Mortua izena du Ultzama bailarak buruan duen mendi-koroa, eta norbait dago koroaren punta horietako batean. Bere buruari galdetzen dio: zer izan zen lehenago, Ultzama bailara edo Ultzama erreka?

Agian galdera hori ez da -geologikoki- zaila erantzuten, baina ez dugu denboran hain atzera joan beharrik, jakiteko Ultzamako Historian zer egiten den pasa, eta zer egiten den gelditu.

1- Hor behean, pare-parean dauden Arraizko ABAUNTZ KOBA-ZULO ilunetan norbait bizi zenetik 15.000 urte joan dira. Atxagak zenbatzen duen bezala, Ultzamako amatxi baten amatxiaren... 270garren amatxiak (guti-goiti-beheiti, beti ere) hor lurreko sua pizten zuenetik 92.000 bat ultzamar izan gara. Hor nonbait Iruñaren biztanleriaren erdia, Nou Camp futbol zelaia betetzeko exkax. Baina gehiegixko 92.000 horien izenak biltzeko, ezta?

Dena den, ezagutzen al duzu bat, bederen, 1900 urtea baino lehen hil izandakoa?

2- Ultzamak berak izandako izen guztiak biltzea ere ez da lan makala: Uzama (1057 urtea), Iozama (1120), Utzama (1154), Hutçama (1268), Uçama (1366)... Dirudienez, zaila zen erromantzez transkribatzea orduko euskaldunek ahoskatzen zutena. Baina argi dago Erdi Aroko agirietako grafian ez dela 'l' hizkia agertzen. XVI. mende bukaerako agiri batean aurkitzen ahal dugu lehen aldiz, Ulçama. Jakina, lehen 'l' hura ez zen izan eskribauaren belarriaren erru hutsa, bestela ultzamarrek ez zuten besterik gabe hartuko, ez eta gaur arte mantenduko...

Ez, Historia ez da zerbait lineal, estatiko, monolitikoa...

3- Halere, hor Belaten barna dauden iruinarri, triku-harri eta MONUMENTU MEGALITIKO batzuek milaka urte dute. Beste batzuek, berriz, askoz urte gutxiagoko zutarri eta mugarriak besterik ez dira. Aditua ez bazara, eta harri horien ondoan Historia bera sentitzen baduzu, engainatu dizutela seinalea al da?

Ezetz uste dut -adituarena egiten hasten ez bagara, jakina-.

4- Behin batean, Ultzamako ibaiaren udako agorraldiak eta Arraizko urtegiaren proiektua (koba-zuloak urperatu behar zituena) denen ahotan zeudela, batek galdetu zidan ea 'ULTZAMA' IZENAK ez ote zuen "ur-zama" esan nahi. Nik zer nekien, ba!. Ez dakit non irakurria nuen "lugar entre barrancos" esan nahi zuela, eta gero "huts" hitzetik zetorrela, erdaraz "vacío, desierto, desnudo, oquedad, rescabradura, cueva". Hala bazen, euskaldunak Ultzamara iristerako -duela 7000 bat urte, aita Barandiaranen arabera- desagertuak ziren aurreko biztanleak (beraz, 92.000 baino gutxiago izan gara). Edo agian ez, egia bada Ultzama "eultz" (colmena) hitzetik datorrela...

Beste nonbait irakurri nuen: "forma de nombre misteriosa".

5- Euskaldun zaharrek "uezama" esaten diote ama-ordeari, "ugaz-ama", esnerik ez duen amaren ordez titia ematen duena. Ba ote? Azken teoriak dio UXAMA hitz zelta duela jatorrian, "Basaburua" esan nahi duena -hain juxtu, ondoko bailararen izenaren esanahi berbera-. Hiru Uxama gehiago izan dira, duela 2500 urte inguru, Bizkaia, Araba eta Soria aldean, orain Osma izena dutenak. Baina... zeltak iritsi baino lehen euskaldunek ez ote zioten izenik paratu?

Edo hutsik zegoen (eta, beraz, 92.000 baino askoz ere gutxiago izan gara)?

6- Gero erromatarrak iritsi ziren. "Erromako zubia" esaten zaio ortzadarrari, bere forma borobila zuten zubien irudira. Batzuen arrastoak gelditzen dira, baina ez dira hain zaharrak, ez ziren erromatarrek eginak. Baina hor dago BELATEKO GALTZADA, eta hain inportanteak izan ziren LANZKO MEATEGIAK. Baina (Brecht-ek dioen bezala), horiek ere erromatarrek eginak ote dira?

Nongoak ziren, eta nola zuten izena galtzadako harriak eta meategietako burdina biltzen zituzten langileak?

7- Liburuetan aurkitu dudan lehen ultzamarra Fortun Iñiguiz da, "de Uzama", besterik gabe, 1087 urteko izkribu baten arabera. Bigarrena Simeno de Oarriz, 1297an harrapatu zuten Arraizko bandidu bat. Ez nahastu BELATEKO BANDIDUAK gisa ezagutzen direnekin, XIX. mende hasieran bidaiariak zakuratu zituztenak.

Historiak bira asko ematen ditu, eta atso-agure batzuek oraindik Primo de Rivera diktadoreari eskertzen diote bandidu haiek harrapatu eta lepo egin izana.

8- Ultzamaren leloa da "Hamalau bat", hau da, hamalau auzo bat eginik. Baina ez da beti hain bat eginik egon. Adibidez, Erdi Aroko garai batean Auzako herritarrak erabat baztertuta bizi izan ziren, BEAURDEA zerga lotsagarria ordaindu behar zutela eta. Eta Ultzama ez da beti bakarra izan, bailara bi zatitan banatzen zen, 1366ko agiri batean agertu bezala. Uçama Suso (edo maior, edo goiti) delakoan Arrayz, Berroeta (Lozen eta Orkin artean zegoen), Yraiçoz eta Alçoz. Berriz, Uçama Yuso (edo minor, edo beheiti) izenekoan Eçaburu, Aoynça, Larrainçar, Goraunz, Luiçasso, Guerendayn, Elsso, Larrazpe eta Gulian.

Ikusten denez, ez dira izan beti 14 auzo ere. Izurriteak zirela eta, herrixka batzuk jenderik gabe gelditu ziren DESOLATUAK dira (Berroeta, Arrayn, Malain, UDOZ, bere monasterioarekin). Etxalde batzuk, berriz, herriak bihurtuko ziren: Urriçola, Suarve, Ilarregi...)

9- Egia esan, lelo horren kontura ematen du (herri txikietan gertatzen denez) Historiako orrialde bakoitzean ultzamar bat eta bakarra bereiztu dela. Erdi Aroan emakume asko SORGINAK gisa salatu zuten Nafarroako mendialdean, famatuenak Zugarramurdikoak. Ultzamako bat Maria Grazia de Beuntza dugu, Urritzola herrikoa. Gizonak ere izan ziren, bat Lizaso herriko Santxo de Iraizotz.

Baina ustezko sorgin gehiago izanen ziren 1575ko Anotzibarko prozesuan Inkisizioak epaitu eta erre zituztenen artean.

10- XII mendearen geroztik AGOTAK ere agertu ziren, inork ez dakiela nondik. Oso ezagunak dira Arizkungo Bozate auzokoak. Ultzaman izan zen bat (gutxienez), Martin de Sola, Alkozkoa, 1720 urtean auzi batean nahastuta, Mezan banku normal batean eseri eta herritar batzuek zakarki elizatik bota ondoren.

Agota, sorgin, bandidu... eta beste herritar arrunten abizenei erreparatuta, ikusten da nongoak ziren jaiotzez: zein herriko, etxeko, familiako...

11- Belateko mendi batean Ultzamari begira dagoen horri beste lelo bat etorri zaio burura: "Ultzama, Nafarroako Suitza". Paisaiaz esaten da, nonbait, baina bestalde: egia ote da Ultzamak gatazketan neutral mantendu ohi dela?. Nafarroako konkistaren garaian BELATEKO BATAILA gertatu zen. Gaztelako erregearen sari gisa Belateko kanoiak agertuko dira Gipuzkoako armarrian (uste dut kendu dituztela, bataila hura ez baitzen hain heroikoa izan). Eta saria jaso zuen Gaztelako tropak mendatean barna gidatu zuen artzainak.

Amaiur erori ondoren Gaztelako erregeak barkatu zituen Nafarroako defendatzaile gehienak, bakan batzuk izan ezik, haien artean BELATEKO MONASTERIOko priorea.

12- "Nafarroako Suitza" lelo horri lotutako beste ideia faltsu bat da Ultzama beti aberatsa izan dela. Egia da gaur egun nabaria dela bizi maila altua, eta XVIII. mendean, Nafarroako muga eta aduanak laxatu zirenean ULTZAMAKO MERKATARIAK nagusitu zirela.

Baina adierazgarria da, bestaldetik, 1841an Nafarroan probintzia bihurtu eta gero ultzamar jatorriko gutxi izan zela Diputatu forala, eta bakar bat ere ez Ultzaman bertan bizi zenik. Edo 1964 urtean LIZASO SALGAI egon zela, alkateak hain beltz ikusten zuen etorkizuna... 1900 urtean Ultzamak 2369 biztanle zituen, eta 1970an, berriz, 1673 bakarrik...

Gerra aurrekoak dira GALTZALASOREN BERTSOAK, pasatutako gorrien adierazgarriak.

13- XIX. mendean gatazka eta gerra franko jasan zituen Nafarroak (frantsesen kontrakoak, Karlistak...), eta Ultzama eta ultzamarrak ez ziren tropen bisitetatik libratu. Guk hemen ELTZABURUKO BATAILA gogoratuko dugu, baina Larraintzarren eta Orokietan ere gertatu ziren.

Eta borrokalarien artean, Larraintzarko ESAIN GERRILARIA ekarriko dugu. Esain familia karlistako seme gehiago ere nabarmenduko ziren 1936ko Gerra Zibila arte.

14- Bigarren Errepublikaren garaian Ultzaman gorri bat bakarrik omen zegoen. Gero GERRA ZIBILA delakoan fusilatu zutenen artean bakar bat gordetzen da gogoan, IRURITA GOTZAIA larraintzarra, Ultzamako eskolari izena eman diona. Baina Juan Bautista Iriarte arraiztarra, Iturenen maisu zela, atxilotu eta Iruñean fusilatu zuten, nazionalista izateagatik.

Interesgarria da orduan eta orain izandako HAUTESKUNDEEN EMAITZAK alderatzea.

Borgesek esan zuen, hor nonbait, euskaldunok intelektual ezagunik gabeko herri bakarra dela munduan. Ez da egia, jakina; baina pentsatzekoa da, halaber, euskaldunen artean Ultzama dela intelektual ezagunik gutxien duena. Euskal idazle bat izan dugu, AITA POLIKARPO IRAIZOZKOA. Edo bi, egia bada SANCHO DE ELSO izenekoak euskarazko lehen Dotriña idatzi zuela, 1561an.

Bertsolari bat? Jose Mari Mutuberria. Pilotari bat? Julian Lajos. Futbolari bat? Kuko Ziganda... XX. mendean 5.500 bat ultzamar izan gara, Tafalla hiriaren biztanleriaren erdia. Gaur egun zenbatsu gara? 2.300 bat, kanpoan bizi garenak barne? Baina begirik ez kendu gero etorkizuneko Ultzamako Historiari!