![]() |
ELTZABURU:
"Eltzaburu, konporta (edo eltzia) bete zorriburu, haiek jan eta berriz bildu" Hedadura: 6'42 km2 BIZTANLERIA: 152 biztanle 1800 urtean: 126 biztanle, 10 etxetan. |
||
| IZENA: Mikel
Belaskok dio zalantzagarria dela. Julio Caro Barojak "eltze" (terreno
baldío) hitzarekin lotu zuen. Arturo Campionek, berriz, "eltzuma"
(makal, chopo) eta "eltzaurra" (nogal) hitzekin lotu zuen. Ordea, amaierako "-buru" hori argiagoa da, "cabeza, cabecera, parte alta" erran nahi duena. Testu zaharretan hola agertu da: "Eçaburu" (1350, 1366,1575), Etçaburu (1633), Elçaburu (1633).
Garai batean bi baserri ere aipatzen ziren: Añalde, errota zaharretik ezkerrera hartuta, eta Etxolazain. Auzaldeko etxeak amaitzen diren lekuak bide bat hartzen ahal dugu Zazpiturrieta errekatik goiti, izen bereko iturriraino, arras leku polita. Hortik ere Larremiar leporaino igotzen ahal dugu, lehen gerra karlistako bataila famatua gertatu zen lekua. Oraindik aurkitzen dira arrasto erdoilduak. Triku-harri frankotxo ere badago bazterretan: Zazpiturrietan bertan, Mugasoron, Aiztaluz, Ganbeleta, Arpegi Ulzama, Otsola... Mendialde ikusgarria da, benetan. Bereziki "Pulpittu" deitzen den puntutik, izenak dioen bezala "pulpito" baten modukoa, garai batean artzainek erabiltzen zutena elkarri oihuka edo txistuka deitzeko. Baina herri gunera itzuliz, etxalde ederrez gain, arras berezia da eliza eta apezetxeak osatzen duten eraikuntza, herriaren kaxkoan. Eliza ez da zaharra, XIX mendekoa da, kutsu barrokoa duelarik. Batailarria, berriz, arkaikoa da, Erdi Arokoa. Eta herrian berean San Isidro ermita ere dago. Horien ondoan eskola zaharra dago, XVIII mende amaieran eraikia eta gero berritua. Baina eraikina bera baino balio handiagoa du aurkitu den dokumentu bat da, alegia, eskola hori eraikitzeko idatzi zen kontratua. Bitxia, izan ere, euskaraz idatzita baitago, garai hartan batere ohikoa ez den gauza. Ultzamako euskararen atalean aurkitzen ahal duzu, eta Pulunpe aldizkarikoan, 35 zenbakian. Eskola hori kudeatzeko Fundazio bat egin zen, eta bertara Auza eta Ilarregiko mutilak biltzen ziren. Hiru herrietako neskak, berriz, Auzara biltzen ziren. Auzako kronikan aipatzen genuen behortegi bat zeukala. Behortegi hori Eltzaburu eta Auzako lurretan dago, eta bertan behera gelditu zenetik hor ari dira, erabilera berri bat bilatzen. Eltzaburuko inguruetan ibiliz gero bertze bi gauza sorpresatxo aurkitzen ahal ditugu. Bat ez sobera ederra, ikusgarria izanda ere, harrobi erraldoi bat. Bertzeak bai merezi du: Nafarroako harizti zaharrenetariko bat, Ingurugiro sailak natur-monumentua izendatu zuenetik babesten du. Bertsolariak ere izan ditu herri honek, Jose Mª Mutuberria. 1936an Nafarroako bertsolarien txapelketan bigarren gelditu zelarik. Berak egin zituen, inguru honetan, hain famatuak diren bertsoak, basurdearenak, alegia (ikusi Pulunpe 35). Bertako bertze seme bat Julio Erviti Oscoz pilotaria dugu, XX mende lehen erdian nabarmendu ziren erremontista ultzamarretako bat. 1908 urtean sortua, 1928an debutatu zuen. |
|||