ELTSO:

"Eltso, poteltso, karrike luze ta dirue faltso (edo mantso)"

Hedadura: 1'79 km2

BIZTANLERIA: 46 biztanle
(2002) 23 gizonezko eta 23 emakumezko

1910 urtean: 62 biztanle 20 etxetan
1970an: 49 biztanle.
1996an: 43


IZENA: Mikel Belaskok dio zalantzagarria dela. Batzutan "euli" (mosca) hitzarekin lotzen da, amaierako "-tsu" horrek ugaritasuna adierazten duela (nolabait, euli aunitz dagoen tokia). Baina Campionek, adibidez, "elorri" eta "elurra" hitzekiko lotura ikusten zuen. Bertze testu batean hola agertzen da: "espinal" erran nahi duela.
Baina testu zaharrenetan agertzen den izenak "euli" hitzarekin du antza: Heulsso (1268ko agiri batean), Eulsso (1355), Elsso (1366), Elxo (1366).


Baina ez dakigu zergatik egon behar zuen hainbertze euli, Eltso toki altu eta airetsu batean baitago, Ultzamaren ikuspegi zabala eskaintzen duena. Etxeen kokapena aski berezia da, Arañozko mendiaren magalean luze-luze paratuta baitaude, eta bi multzotan banatuta.

Garai batean ere horrela izanen zen, jeneralean Eltso-Larrazpe izenarekin agertzen baita Historian barna. Baina Larrazpe izeneko auzoa despopulaturik gelditu zen aspaldi, eta ez dakigu non zegoen zehazki. Orain Larrazpe deitzen den dermiora elizatik aitzinago segituz ailegatzen da, hilerria baino lehentxeago.

San Esteban eliza herriko muturrean dago, txoko batean bilduta. Bere erretaula bitxia da, XVII. mendekoa eta Juan de Landak egina. Ikusten ahal den beste pintura bat berriz barrokoa da.

Herri honetara joanez gero bertan dagoen ezti museoa bisitatu beharra dago. Eztiaren prozesoa iraganekoa nola oraingoa, eztigintzako tresnak, erleen sekretuak, erle eta eztiaren inguruko sinesmenak eta bestelako aferak ikusi, ikasi eta irakurri dezakezu.

Eltso herria Arañotz mediaren altzoan dago, 814 metrokoa. Kaxkoan, landa ireki batean Santa Luzia ermita dago, bailaran debozio handia sortzen duena (fedea egon da beti inguruko herrietako biztanleei ikusmena zaindu diela). 1508ean inguru hau Santa Maria de Roncesvalleseko omen zen. Oraindik ermita honetara urtero etortzen dira ultzamarrak erromerian, ekainaren lehen asteburuan.

Sorginkeriaerekin lotu behar da herri hau. Beste herrietan bezalaxe 1575.ean, Ozkoidi batxillerra, etorri baitzen sorginak omen zeudela eta, jendea atxilotzera.

Pertsonai historikoak bilatuz gero, Elso familiara jo behar da. Nafarroako merkataritzan nabarmendu zen, batez ere XVIII mendetik goiti, eta horren arrimura-edo kultur munduan ere mugitu da. Familiaren adar bat Dantxaria aldera joan zen, eta bertan sortu zen 1898an Martin Elso poligrafo eta historialaria. Martin Elsok ez zituen inoiz Ultzamako sustraiak atzendu, eta berari esker segitzen ahal dugu bere familiaren ibilbidea ez ezik, Ultzamako familia zaharren arrastoa ere.

Sancho de Elsok Euskarazko lehendabiziko dotrina argitaratu zuen, 1571 urtean. Tamalez izenburua bakarrik ezagutzen da: "Doctrina christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados, en castellano y vascuence". Izan ere, edizio hartako ale guztiak galdu baitziren. Historiako atalean datu gehiago aurkitzen ahal dituzu.

Eltsora hurbiltzen bazara Elso familiaren etxaldea izandakoa ikusiko duzu, etxalde ederra benetan, familiaren armarria buru duena.

Herriko bestak abuztuaren 30an dira.