![]() |
|||
|
AUZA: "Auze, kaka itteko ez da gauze" Hedadura: 3'57 km2 BIZTANLERIA: 181 biztanle. 1800 urtean: 196 biztanle, 14 etxetan. IZENA: itxura batean pentsatzen ahal da
"auzoa" erran nahi duela, baina ez da hola, Mikel Belaskoren
ariora. Izena lotzen ahal da Agoitz izenarekin, "Aio" edo deitzen
zen norbait jabea zen lekua (aio-iz). Auzako Historiak badu kontu triste pare bat. Garai batean inguru oihantsua izan zuen, baina XVIII. mendean Auzako inguruko basoa txikitu zuten, Españako armadak egurra behar zuela eta zuhaitz bat ere ez zuten utzi zutik. Horretaz aparte, hospital militarrek ikatzen beharra zutela eta Ultzama aldera jo zuten. Beranduago birlandatua izan zen, eta mende honen hasieran Altadillek goraipatu zuen bere baso zelai eta hurbila "un lugar apacible que brinda deleitosa estancia en verano". Bertzalde, Auzako biztanleak urte mordoa pasatu zuten bazterturik. Errate baterako, ezin ziren ezkondu inguruko herritarrekin, beraurdea edo eyurdea izeneko petxa edo zerga lotsagarria ordaindu behar zutelako. 1418.ean Nafarroako Carlos III erregearengana joan ziren erreguka eta petxa hori kendu egin zien. Geroago Auzako petrikiloa ezaguna izan zen, jende aunitz etortzen baitzen sendatzera. Kalitxeren bat izanez gero hoberena duzu Auzako Kalitxiturrira joatea. Bertsolariak izan dira herri honetan, Sasuan izeneko bertsolaria hemengoa zen. Bizente Lazkano, Orreaga baladaren bertsio bat idatzi zuen Ultzameraz, 1885.ean, Arturo Campionen enkarguz. Gaur egun Aritz Begino dugu, pilota profesionalaren munduan bere lekua egiten ari dena Inguroko honetako transportea ere Auzarren eskuetan izan zen, urte luzez. Garai bateko diligentzia nola autobusa bertako famili batek eraman baitzuen. Herria, zinez, polita da. Errekak (Errekaxabal) zeharkatzen duela, herriari itxura berezi bat ematen diona, Ultzamako bertze herriekin aldean. San Martin eliza XX. mendekoa bada ere, aitzinako elizaren gainean eraiki zen. Horren adibidea da, hormetan aurkitutako pintura erromanikoak, kalitatezkoak omen direnak, baino gaizki kontserbatuak tamalez. Bataiarria ere erromanikoa da. Suge eta lau-hankako baten arteko borroka ageri zaigu. Garai batean urtegi txiki bat izan zuen, herrirako indar elektrikoa sortzekoa. Ezin dugu Auzako behortegia aipatu gabe utzi, duela gutxi arte Estatu osoko pura-sangre eder eta bikainenak bertan zaindu baitziren. Eta batzuk ikusten dira oraindik, baina egoera penagarri batean, gertatu ziren gora-beherengatik. Jabeak izandakoen ustelkeriaren erruz abandonatuta daude, eta gaur egun bertako bizilagunek zaindu behar izan dituzte zaldiak eta soroak. Ultzamako bailarako urteko azken bestak Auzan ospatzen dira, Sanmartinetan. |
|||