| ARRAITZ-ORKIN:
"Arraitz, deskargaitz" Hedadura: 9'82 km2, Ultzamako zabalena. BIZTANLERIA: 181 biztanle 1800 urtean: 188 biztanle, 21 etxetan |
||||
![]() |
||||
| IZENA: M. Belaskok
dio zalantzagarria dela, amaierako "-itz" hori "haitz"
hitzetik etor daitekeela, edo agian zerbaiten ugaritasuna adierazten duela. Bietatik etorri dira teoriak: "arrantz" (espino, ciruelo) hitzetik datorrela, "andarrai" (rosal silvestre), "hargaitz" (gran piedra)... Bertze batzuk: "zarzal", "helechal", "pastizal"... Grafia ez da historian barna aunitz aldatu: Arrayz (1268, 1350, 1532, 1591ko agirietan), Arraiz (1280, 1366, 1644ko agirietan). Arraitzek muga egiten du Anue bailara eta Lantz herriko dermioekin, Erretarria izeneko dermioan hain juxtu. Belateko portua (beleen atea) bertan hasten da. Arraitz herria, nahiko hedaturik dago. Alde batetik, Orkin auzoa dago, eta bertzetik Arraizko Bentzak, eta Ultzamako Benta ere, Belate mendatean jada, Mortua mendi komunalean. Herri honetan errepideek berebiziko garrantzia dute Iruña eta Frantziarako bideak hemen barna pasatzen baitira. Hori dela eta, Belateko tunelak egin ziren. Belateko bide zaharrean, Ultzamako benta,
dugu. Nafarroako 100 urteko enpresen artean dago. Anastasio Goñik
sortua.Hasiera batean, benta horrek, zaldi eta idi gurdiei zerbitzuak
ematen zizkien. Gaur egun, eta Belateko tunelak egin eta gero arratsalde
pasa bikainak egiten dira bertan. Nola ez, gaztanbera eta mamia, ezinbestekoa
da dastatzea. Belaten zegoen monasterioren aztarnak bisita dezakegu. 1165 urtean monasterio hau bazegoela dakigu. Feria ospetsuak ere ospatzen ziren bertan. Ultzaman erdi aroko eliz bakarra bertan dago, 1200ean eraikia. Eliza honetan zegoen Ama Birgina, gaur egun, Alkozko elizan ikus dezakegu. Dena den, irudi hau ez da benetakoa, XIX. mende hasierako Konbentzioaren gerran desagertu baitzen. Film batzuen eszena tokia ere izan da, errate baterako, "Fuego eterno" Pelikularen zenbait zati hemen filmatuak izan ziren. Monasterioari buruzko datu gehiago Historiako atalean agertuko dira. Santio Bidearen adarretatik bat, inguru honetan barna pasatzen da. Arraitzko bentaren ondotik, garai batean, jendeak pasatzerakoan dirua ordaintzen zuen. Jendea, nolanahi ez pasatzeko, kate bat zegoen. Toki hau "la cadena" izenarekin ezaguna zen. Bentaren parean, aipatzekoa da trikuharri bat dagoela. Mortuak inguru izugarri ederrak ditu, oihana ere halakoxea da. Komunaletik 488 ha. Egurra ateratzeko egina baitago. Dena den, aspaldiko proiektua izan da herri honen gaineko aldean, Zaldazain errekan, urtegi bat jartzea, 16,5 Hm3 izanen zituena. 2001.ean proiektua bertan behera gelditu zen. Zaldazain errekaren ondoan Abauntzko kobazuloak ditugu, balio arkeologiko handikoak. Goi-paleolitikora arte okupaturik egon zen, hamaika kontu aurkitu baitira garai hartakoak: giza hezurrak, aizkorak, marrazkiak eta bestelako gauzak. Aise beranduago, Erromako inperioaren garaian babes moduan erabili zen azternategia dugu, horren adibidea da bertan aurkitutako txanpon eta material andana. Mitologiara joanez gero kobazulo honetan lamiak bizi omen ziren. Kondairek diote, lamiek artzainei esnea eskatzen zietela. Egun batean, Sunbilenea etxeko artzain batek adarra jo nahi izan zien eta esnea behien gorotzarekin nahasi zuen. Lamiak konturatu zirenean lasterka joan ziren artzainaren gibeletik herriraino. Justu momentu horretan. Hamabiak jotzen hasi ziren eta lamiak kobazulora bueltatu ziren. Hori bai, artzaina madarikatu zuten, erranez, bere etxe horretan maingu edo besamotzen bat egonen zela. Historiak dioenez, 1435 urtean Arraitz erabat despopulaturik gelditu zen, eta herriko lurrak errentan eman zitzaien Larraintzar, Lizaso eta Redin herriei. Baina jendea berriz etorri, nonbait, eta aitzina atera zen. 1849an taberna, ostatua, irina egiteko errota (Arraizko Benten aldean ikus daitekeena) eta teilak egiteko lantegi bat ere bazuen. Orkin auzoko familiakoa izan zen Muskiz, Carlos III.ren ministroa. Merezi du ikustea bertako etxalde gutxi baina ederrak. Gaur egun herri eder eta bizia da, bai bentetan, bai herri nagusia, muino batean bildua, eta goitian plaza zabalak eta elizak osatzen duten inguru ederra. Herriko bestak abuztuaren 15ean dira. |
||||